Nire buruaz kontatzen dut…
1966ean jaio nintzen eta “ganorazko” neskatila izanda, beti jolasten eta jolasten ibiltzen nintzen. Aurkitzen nituen istorioekin ere jolastea gustatzen zitzaidan hauen txotxongiloak eginez, irudiak, horma-irudiak, edota ipuin horiek kontatzen ala antzezten.
Askoz geroago, 1996an, “Kandelen Argipean” Bilboko ipuin-kontalari taldearen sorreran hartu ahal izan nuen parte. Ez nuen orduan susmatzen zenbateraino errotuko ziren niregan ipuinak, nire bizimodua izatera heldu arte.
Eta ipuinekiko topaketa (edo elkartze) honi esker, txikitatik nekarren ipuin-egarria asetzeko istorio, ipuin eta abestiak edateari eman nion. Geroago ezagutu nuen neureganatutako istorio horiek kontatzean sentitzen den plazer handia.
Urtetan, narrazioarekin batera, helduentzako euskara-eskolak eman nituen hainbat euskaltegitan eta hauetan ere kontaketan trebatu nintzen, saio-eskolak entretenigarri egiteko garrantziaz ohartuz.
Azkenean, ipuinek liluratuta, zirt edo zart egin behar eta narratzeari ekin nion buru-belarri, geroztik kontaketan aritzeagatik zorionekoa sentitzen naizelarik.
Era berean, kontatu nahi dizuet ere ama naizela, eta honek irakasten didala egunero egunero zein garrantzitsua den kontatzea besteek entzuteko eta, bestera, ezinbestekoa dela entzutea besteek niri ere kontatzeko.
Eta horrela jarraitzen dut, zorioneko sentitzen, ipuinez, ipuinengatik eta ipuinentzako lan egiten eta bizitzen.
Nitaz kontatzen dute…
… haurrei kontatzen diedanean…
Narratzaile hurbila naizela, nire baitan ukitu nauten istorioak partekatuz dibertitzen naizena.
Agerikoa dela neska-mutilak parte harazten gozatzen dudala, beraiekin hitz egiten edota kantatzen, beren konplizitatea bilatzen, ondo baino hobeto dakidalako ipuinak aurrera egin ahal izateko beraien laguntza beharrezkoa dudala eta jolasten ere kontatu, kantatu eta arnasa har daitekeela.
Nahiz eta normalean kontatzeko hitzak besterik ez erabili, batzuetan “ezusteko kutxatxoak” diren liburuez ere laguntzen naizela, batez ere hauek dastatzeko eta elkarbanatzeko aproposak diren irudiak dauzkatenean.
Eta, oso gustuko dudanez margotzea ere, inoiz islatzen dut azal desberdinetan nire buruan agertzen zaizkidan irudiak, saioan zehar beraiekin jolasteko.
… nagusiei kontatzen diedanean…
Umorez eta alaitasunez mugitzen naizela nire emakume-unibertsoan, egunerokotasunean gertatzen diren ustekabeko istorio harrigarriak kontatuz.
Irribarre eginaraztea eta munduari buruz dudan ikuspegi atseginaz gozatzea gustatzen zaidala, helduak pixka bat haurrak sentiaraziz, kantatzera eta istorioan parte hartzera gonbidatuz. Izan ere, niretzat, ahoz kontatutako ipuinen lehen eta oinarrizko helburua dibertitzea eta entretenitzea da eta.
Nire euskara oso hurbila eta atsegina dela esaten didate, eta, nire keinu eta begiradekin konbinatuta, entzun nahi duenarengana beti iristen dela.
Batzuetan, txikienekin bezala, hitzaren erregistroa eta egiten ditudan ilustrazioak eta eskulanak konbinatzen ditut.
IBILBIDEA
Atzerantz begiratu eta oraindik harritzen nau ipuinei esker zenbat bizi ahal izan dudan ohartzeak, 1996ean jendaurrean ipuin-kontalari hasi nintzenetik hona zenbat aldatu eta aberastu naizen konturatzean.
Orokorrean esanda, umeei kontatu izan diet eskola, kultur-etxe, liburutegi eta liburu-dendetan…, hain ume ez diren gazteei institutu eta gazteguneetan eta ume-nagusiei euskaltegi, antzoki, zahar-etxe, elkarteetan eta baita tabernetan ere; harrotasunez esan ahal dut beti entzuleengan irribarreren bat edo beste piztu ahal izan dudala.
“Kandelen Argipean” ipuin-kontalari elkartearen fundatzailea izan nintzen 1996an eta honen bidez nire kontalari gisako lehen urratsak eman nituela 1997tik 2012ra bitartean Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak antolaturiko ACEX izeneko egitarauan parte hartzen, Euskal Herriko eskoletako liburutegiak sustatzen.
Algorta-Getxoko liburutegian oso errotuta dagoen “Kontularien Kluba” martxan jartzera lagundu genuen 1996-97 urteetan eta baita planteamendu bera duen Bilboko Topalekuko “Cuarto de Contadores” delakoan ere 2003-2007 bitartean; bi ekintza hauetan kontatu nahi duten guztiei ematen zaie tartea (profesionala edo ez izanda) beren istorioak joaten direnekin elkarbanatzeko.
1998tik 2009ra arte “Kandelen Argipean” taldearen laguntzaz Bilboko BilboRocken helduentzako ipuin-saioen egitaraua bideratzen lagundu nuen, kanpoko kontalariak geure saioekin tartekatuz.
2006ko lehen ediziotik 2012ra arte, urtero hartu nuen parte Euskal Herriko Elkarteak antolatutako “Bazen behin…” festan
2005ean, nire bizitza, pertsonalki eta profesionalki ere, amatasunaz aberastu zen, eta, ordutik, ipuinak hurbilagotik eta barruragotik bizitzeko aukera daukat.
Ahozko kontalaritzaz aparte, ipuinen munduarekin estuki lotuta dauden tailerrak ere bideratu izan ditut, bai jendaurrean kontatzeko, bai senide-arloetan kontaarazteko ere.
2007tik hona urtero-urtero nire taldekidea den Pedro Ruiz-ekin HitzBatu izeneko tailerra bideratzen dut Barakaldoko hainbat ikastetxetako neska-mutilekin ipuinak sortzen laguntzeko eta sortutako ipuinen irudiekin batera liburu eder bat argitaratzeko. Urteak joan, urteak etorri hasten doan proiektu ederra eta oso harrera onekoa da hau. Izan ere, 2009-2010 eta 2010-2011 ikasturteetan Bilboko Garcia Rivero eskolako umeekin ere gauzatu genituen pareko ipuin-liburua eta baita Gasteizko hainbat eskolatan 2017tik 2020ra arte.
2011an “Alabazan” izena eman diogun kooperatiba txikia sortu nuen Pedro Ruizekin batera; honen bidez, hainbeste betetzen nauen kontalari/ipuin-sustatzaile lan eder honekin jarraitzeko aukera izaten jarraituko dut.
2013tik 2019ra Alabazan taldeak Bilboko Udalarekin batera antolatu izan du Istorio BIziak-Cuentos encadenaDOS urteroko jaialdia, Bigarren barrutiko kultura egitaraua narrazioaren inguruko hainbat jarduerekin, adin guztietako entzuleagoari zuzendutakoak. Jaialdi honen antolaketan egindako lanari esker Tolosaldean ospatzen den Ahoz-aho jaialdiak Urrezko Kalabaza eman zigun 2019an.
2017an lagundu nuen Senegaleko Aminata izeneko kultur-etxearen aldeko Ipuin-jaialdia Bilbon antolatzen eta, urtean joan urteak etorri, 2019aren azaroan, kultur-etxe aparteko horretan formakuntz-ikastaroak eta ipuin-saioak ere bideratzera gonbidatu ninduten, oso-oso esperientzia aberasgarria eta ahaztezina izan zelarik.
2020an autoargitaratu dut “Bereterretxeren Noblezia” liburua, bertan Zubeoaldeko XV. mendeko “Bereterretxeren Kanthoria” baladak kontatzen didan istorioa azaltzen dut hitzez eta irudiez ere.
2018tik 2021era arte, Lope García de Salazar banderizoaren bizitzari buruzko “Muñatoneseko Azpi Jokuak” obran antzezten dut, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta.
Eta horrela, aurrera jarraitzen dut bidean, kontu-kontari eta kanta-kantari.