Asteburu ederra Nafarroan

Azaroari agurra eta Abenduari ongi etorria ematera joan ginen Erronkari eta Salazar bailaretara, Auñamendiek babestuta. Aitzakia lana zen: "Ipuin BEROtikoen" bi saio neuzkan, larunbatean Erronkarin eta igandean, pixka aruntzago, Otsagin.

Erronkarira larunbat eguerdiz heldu ginen eta, "potxa" eder eta beroak dastatu bitartean iadanik, elur-ura eta elurra ere botatzen hasi zuen. Ederra benetan elur malutak mara-mara jausten ikustea! Hotsari aurre egiteko, tripa bero, hostatu eder batera joan ginen eta gero, gero .... ipunak ere bero! Herriko Errota elkarteko ganbaran izan nuen lehen saioa eta harrera primerako izan zen. Dabid Lalana, Erronkari eta Zaraitzuko Euskara Zerbitzuko arduradunak lortu zuen aretoa jendez betetzea, jakin-minak jota etorri ziren adin oso desberdinetako lagunak, baina denak ondo pasatzeko prest. Kostatu zitzaigun hutsik geratu zen lehen lerroa betetzea, "beldur eszenikoa"-edo zeukatelako. Horrela gertatzen ohi da. Baina behin hasita, dena suabe suabe aurrera joan zen, denok elkarrekin proposatu nien bidaian abiatu ginen, atearen bestaldera, irudimenaz, hitzez eta umorez ere, begiratzeko. Zelako barreak! Lehenengo ipuina amaitzean jada, batzuk jertsea kentzen hasi ziren eta, saioa bukatzerako denak geunden (ni ere, noski) "barneko berotasuna piztuta", hori baita berotasunik onena.

Bertakoen begirada irribarretsuek lagunduta aurrera egin nuen kontu-kontari nahiz eta "zuzeneko trabatxoak" izan: argia berez itzaltzen zela, kasetea ez zebilela behar zuenean, samako ziztadatxoa sentitu eta eztulka hasi nintzela,... baina, hala ere, aurrera egin ahal izan genuen eta primerako saioa atera zen, helduen artean ipuin-zaletasuna ziztatzekoa.

Biharamunean Erronkariko herri ederra paseatu eta gozatu genuen bisitari-turistaren betebehar guztiak eginez  eta geroago salto egin genuen, elurtutako paraje ederretatik, hondoko bailarara, Otsagiraino. Pentsatzen zuen "Otsagabia" izena "otza" eta "gabea"tik zetorrela baina, handia nire jakineza!!! bertako hotsa handia eta oso nabaria baitzen. Geroago jakin nuen, entzule batek kontatuta, "Otsoen kabia"tik datorrela. Orduan ulertu nuen.

Baina, nahiz eta kalean hotsa izan, herriko Kontsultategiaren eraikin eder (eta epelean) istorioen poderioz berriro ere piztu ahal izan genuen gure barne-sua, hemen ere, taldea txikiagoa baina, hala ere, giroa aurrekoan bezain hurbila, umoretsua eta adimen handikoa izan baitzen.

Gau itxia zen autoa hartu eta Bilborantz bueltan abiatu ginenean eta etxerako bidean birpasatzen nuen asteburu horretan egindakoak, pentsatzen eta sentitzen ere, zenbat gauza agin daitezkeen bi egunetan eta zenbat gustatzen zaidan nire lana, honelako paraje eta jende ederra ezagutzeko aukera ematen didalako.

Mila esker denoi eta bufanda ondo lotuta atera!!!

 

Hona hemen ere saioaren zati txiki bat, botoi gisara.Disfrutatu.

Ipuin BEROtikoak 2013 from Bego Alabazan on Vimeo.

2013-ko abenduaren 3 11:12 orduetanBego

Itzuli

  • Jarraitu

Google+