Zestoan "Magaleko Ipuinak"- ipuinak kontatzen hasteko tailerra.

Atzokoa izan zen hiru asteazkenetan izan dugun ipuin-tailerra edo laborategiaren azken eguna, Zestoako Udalak antolatutako "Kontadazu ipuin bat" proiektuaren barruan. Hiru egunez Arroabea auzoaldeko eskolan elkartu gara 10 emakume ipuinak ahoz kontatzen ikasten hasi edo jarraitzeko, denok baitaukagu ahalmen eta behar hori, kontatzekoa, baina ez denek hartzen dutelako behar den astia gelditu, pentsatu eta beharrezko ondorioak ateratzeko, azken finean, ikasteko. Eta horretan ibili izan gara, ikasten, zalantzak argitzen, ideiak pizten, kontatzeko gogoa elikatzen...

Lehenengo bi egunetan ipuinez gure artean hitz egin eta kontatzera jolastu ginen baina, dudarik gabe, egunik politena atzokoa izan zen, umeekin batera izan genuelako "puesta en eszena"-saioa.

Oso gustukoa izaten da honelako tailerretan nabaritzea zelan handitzen diren parte-hartzaileak kontatzen hasten direnean, batez ere ezagunak ez diren ume-taldearen aurrean, beren arreta bilatzeko estrategiak (kontziente edo inkontzienteki) erabiltzen, txikien begirada den atea irekitzen.

Hona hemen zenbait argazki "botoi" gisa.

Amaitzeko, ondorioak ateratzeko tartetxoa ere izan genuen; beste askoren artean, hauek izan ziren batzuk:

  • goseak geratu zirela, gehiagorako gogoz, gehiagotan kontatzeko gogoz eta gehiago ikasteko asmoz. Ondo.
  • Batzuk jendaurrean kontatzeko "beldurra" gainditu zuten, horretarako gai eta kapazak zirela sentitzean. Ondo ere bai.
  • Gure baitan daukagula beharrezko materiala ipuinak gure modu pertsonalean kontatzeko, baina honek trebakuntza eskatzen duela, egiteko bai, baina ondo, erraztasunez eta gustura. Zenbat eta gehiagotan istorioa kontatu, hobe aterako da. Logikoa, ezta? Baina sentitu arte ez duzu benetan ulertzen.
  • Umeen adina oso kontutan izan beharrezkoa dela istorio bat edo beste kontatzean; beraiek nabaritu zuten zeintzuk istorio ziren egokiagoak adin desberdinentzat.
  • Inportante: azkenean, zintzo jarri ziren adosten zelan beteko zuten tailer hau antolatu duen Zestoako Udalarekin hartu duten konpromisoa betetzeko, hau da, tailerra egitearen truke ama bakoitzak auzoko umeentzat egin beharko duelako saio txikia. Eta inportantea dela diot ikusten zaielako seriotan hartzen dutela, ipuinak ondo kontatzeak, beste gauza askoren artean, hori eskatzen duelako: zintzotasuna, lana eta konpromisoa, nahiz eta ondo pasatzekoa izan. Batak ez du beste kentzen.

Eta hainbat ondorio gehiago bakoitzak bere buruan eramango zituenak, ondoriorik onenak direnak, norberarentzat erabilgarrienak direlako.

Tailerrari amaitu eta agurtzean, datorren urtean beraiek kontu-kontari ibili eta gero ni ere beren herrira kontatzera joateko gonbidapena ere luzatu zidaten, azaldutako "teoria" nola jartzen dudan praktikan zuzenean ikusi eta entzuteko. Nahi duzuenean gustura asko joango naiz.

Bitartean, eskerrik asko denagatik Itziar, Maider, Ainhoa, Miriam, Maite, Nagore, Irati, Josune ta Norari eta jarraitu bidean (nahi bezain luzea da ta) ipuinen hasiak umeengan (eta zeuengan, noski) ereiten, badakizue, hitzez, begiradez, keinuez baina, batez ere, umeenganako oso ondo ezagutzen duzuen maitasunez.

 

Muxu bana.

2013-ko abenduaren 12 13:12 orduetanBego

Itzuli

  • Jarraitu

Google+