Magaleko Ipuinak tailerraren 2. eguna Zestoako Aizarna auzoan

Ba bai, pasa den asteartean, maiatzak 26, berriro ere Aizarnara joan nintzen Ipuinen laguntzaz bertako lagunekin jolasteko asmoz.

Goiz heldu nintzenez, handik buelta bat ematera joan nintzen nahiz eta arratsaldea euritsu eta goibel egon. Txamarra ondo lotu eta inguruak ezagutzera atera nintzen autotik, aurrekoan ezin izan bainuen egin. ...

Eta batetik eta bestera begira, kanpotarron begi handiez, istorioen haziak aurkitu nituen hainbat txokotan....; herriaren isiltasunean eta eguraldiaren hezetasunean tokien eta gauzen detaileak askoz hobeto nabarmendu zitzaizkidan, argiago ikusten baitzen kanpokoa baina barrukoa ere, edo hobe esanda, izan zitekeena, agian ....:

enparantzan dagoen elizaren sarrera, estalita dagoena

("... eta geroztik, mezaren erdian pilotak abadearen kopetan ez emateko,

atea ixtea erabaki zuten herrian, umeek behar bezala jolas zezaten..." .... 

                                                                                                   

 

                                                                                                                        ...   edo kanposantua pasata dagoen harri-monolitoa

                                                                                                                       (" inork ez du gogoratzen nork jarri zuen baina batzuk esaten dute, aho txikiz,                                                                                                                   azpian hilobietarako pasabidea dagoela, aspaldikoa, betirakoa ...."), 


 

 

              

  edo elizaren arkupeetan dauden eskailera zahar eta kantariak, gora eta gora egiten dutenak armiarma-sareez betetako ate beltz eta itxi bateraino eramaten zaituztenak ("... norbait egongo ote da barruan, oraindik??").

 

 

 

 

 

          Baina irudimena gehien ziztatu eta sustatu zidana elizaren atzeko kalean aurkitu nuen : 13 zenbakia duen aspaldiko etxe zaharra (nahiz eta bere alboetakoak konponduta eta oso polito egon) eta bere atea eta leihoak, egurrezko gurutzetxoez josiak: ez bat ala bi, ez, hainbat gurutzetxo, garai desberdinetan jarritakoak batzuk atearen margoez pintatuta daudelako baina beste batzuk ez,... Zer dela eta? Zertarako? Nor ala zer uxatzeko? Noizkoak izango dira? Nork jarrita? erantzunen bila joan nintzen tailerkideengana, ordua heldua baitzen ... baina inork ez zidan nire jakin-mina asetu. Norbaitek esan zidan aspaldi bertan txokolatea egiten zutela bertan. Ah, bai? eta? baina horrek nire jakin-mina piztu beharrean, gosetu egin ninduen oraindik gehiago.

 

 

Tailerra hasteko ordua heldu eta  bildu ginen  istorioekin eta elkarrekin jolasten jarraitzeko: norberaren oroimenak piztu eta gezurrez atontzen, handitzen, janzten eta borobiltzera jolastu ginen, barren artean, begietara begiratzen, bikoteka, hurbiletik, burua topera, istorioez bete betea. puf! entzuten zen behin baino gehiagotan, "... ez dut ezer gogatzen..." Baina bai, azkenean, oroimenetatik (batzuk gureak, beste batzuk beste batenak baina "neuretuta"), hitz jarioa berez sortu zen, eta abiatu.

Amaitzeko bestelako istorioak asmatu genituen taldeka ere, oraingoan betiko ipuin herrikoien estruktura oinarri hartuta: protagonista, arazoa, laguntzailea, etsaia, borroka... eta ipuinak, beraiengandik sortzen, ateratzen hasi ziren.

 

Aizarnako kultur etxea istorioez gainezka utzi genuen, sortu berriak eta zabaldutakoak batzuk, beste batzuk oraindik entzuteko daudenak, ez baigenuen astirik izan denonak entzuteko, pena.

Eta etxerako bidean nihoala, hausnarketa hau bururatu zitzaidan: zenbateraino gauden istorioez inguratuta, istorioez eta ipuinez beteta, zenbateraino behar dugun barrukoa atera fikzioa errealitate bihurtzeko.

Datorren asteartean tailerraren azken saioa izango dugu, dibertigarria izango da seguru, gonbidatu txiki asko izango baitugu ipuinak entzuteko prest. Ospatuko duten urtebetetzeko txutxeekin batera istorioez bete-beteta geratuko dira!

 

 

29 de mayo de 2015 a las 14:05 Bego

volver

  • Siguenos en

Google+