"Magaleko Ipuinak" tailerra egunez egun Zestoako Aizarna auzoan.

"Magaleko Ipuinak" 2-7 urte bitarteko txikiei ipuinak kontatzera zuztatzeko laborategia da, helduei zuzendutakoa. Hiru edo lau egunez ipuinen gaineko hainabt puntutaz hitz egiten dugu eta, batez ere, kontatzen dugu, batez ere praktikoa izatea nahi dugulako.

Hemen dituzue Aizarnan bideratu nuenaren hiru egunei buruzko erreseinak, egindako lanaren eboluzioa ikus dezazuen.

1ngo eguna

Atzo, hilak 19, Zestoako Aizarna auzoaldera joan nintzen liburuez betetako maletarekin, ipuinez gainezka. Bihurgunez jositako errepide luzea eta gero, euria gelditu egin zenean, Gipuzkoako auzoalde eder honetara heldu nintzen. Errepideak enparantzaraino eraman ninduen, bertan libre zegoen azken aparkalekuraino (niretzat erreserbatuta egongo ote?).

Jakin gabe, geratu nintzen kultur etxearen ondo ondoan nengoen eta han aurkitu nituen "Magaleko Ipuinak" tailerrean parte hartuko zuten batzuk, dena atontzen.

Tailer hau Zestoako Gazteria sailak bultzatutakoa da eta "Kontaidazu ipuin bat" izeneko egitasmoaren barruan kokatuta dago; honen bidez, herritarrek bertako txikiei ipuinak kontatzera animatzen dira beren auzoetako liburutegi eta kultur-guneetan . Duela bi urte Arroabeko auzoaldean ere bideratu izan nuen oso emaitza onekin eta, hara, oraingoan Aizarna auzoaldera joatera ere gonbidatu naute eta nik, noski, gustura asko joan naiz.

herri honetako kultur etxean 9 lagun izan ginen, gehiengoa ohi bezala emakumeona. Eskerrak Luis bezalakoak geratzen zaizkigula, gizon bakarra izan baitzen.

Giroa atseginean hitz egin genuen ipuinak kontatzearen (edo, besterik gabe, kontatzearen) garrantziaz ."Zertarako kontatu ipuinak gure txikiei?"  galdera-detonanteari,denon artean erantzun genion: ideiak sortu eta elkarrekin josi egin genituen ipuinen hariaz sare zabala osatuz, txikienganako maitasuna estaltzeko eta babestekoa den sare fina baino sendoa.

Gero, argazkietan ikus daitekeenez,  adin-tarte desberdinetarako liburuen gainean ausnartzen ibili ginen taldean, zeintzuk liburu eta istorio diren gustokoago adinaren arabera, kontutan izanda, noski, umearen beraren araberakoa ere izaten dela.

Eta saio trinko eta gustuko hau borobiltzeko, Maitek "Beldar Txiki Jatuna" ipuina kontatu zigun (ikus argazkiak), primeran kontatu ere aurretik ezagutu eta kontatu/jolastu ere egin zuelako. Berarekin freskatu gentuen kontatzean kontutan izan beharreko elementuak.

Eta horrela, konturatu orduko, saio honen 2 orduak amaitu egin genituen, datorren astean berriro biltzeko asmoz. Orduan istorioak liburuetan baino, gure buruaren barruan bilatzen arituko gara, bertan uste baino gehiago bait dago. Bai horixe!

 

 

 

 

 

2. eguna

Ba bai, pasa den asteartean, maiatzak 26, berriro ere Aizarnara joan nintzen Ipuinen laguntzaz bertako lagunekin jolasteko asmoz.

Goiz heldu nintzenez, handik buelta bat ematera joan nintzen nahiz eta arratsaldea euritsu eta goibel egon. Txamarra ondo lotu eta inguruak ezagutzera atera nintzen autotik, aurrekoan ezin izan bainuen egin. ...

Eta batetik eta bestera begira, kanpotarron begi handiez, istorioen haziak aurkitu nituen hainbat txokotan....; herriaren isiltasunean eta eguraldiaren hezetasunean tokien eta gauzen detaileak askoz hobeto nabarmendu zitzaizkidan, argiago ikusten baitzen kanpokoa baina barrukoa ere, edo hobe esanda, izan zitekeena, agian ....:

enparantzan dagoen elizaren sarrera, estalita dagoena

("... eta geroztik, mezaren erdian pilotak abadearen kopetan ez emateko,

atea ixtea erabaki zuten herrian, umeek behar bezala jolas zezaten..." .... 

                                                                                                   

 

                                                                                                                        ...   edo kanposantua pasata dagoen harri-monolitoa

                                                                                                                       (" inork ez du gogoratzen nork jarri zuen baina batzuk esaten dute, aho txikiz,                                                                                                                   azpian hilobietarako pasabidea dagoela, aspaldikoa, betirakoa ...."), 


 

 

              

  edo elizaren arkupeetan dauden eskailera zahar eta kantariak, gora eta gora egiten dutenak armiarma-sareez betetako ate beltz eta itxi bateraino eramaten zaituztenak ("... norbait egongo ote da barruan, oraindik??").

 

 

 

 

 

          Baina irudimena gehien ziztatu eta sustatu zidana elizaren atzeko kalean aurkitu nuen : 13 zenbakia duen aspaldiko etxe zaharra (nahiz eta bere alboetakoak konponduta eta oso polito egon) eta bere atea eta leihoak, egurrezko gurutzetxoez josiak: ez bat ala bi, ez, hainbat gurutzetxo, garai desberdinetan jarritakoak batzuk atearen margoez pintatuta daudelako baina beste batzuk ez,... Zer dela eta? Zertarako? Nor ala zer uxatzeko? Noizkoak izango dira? Nork jarrita? erantzunen bila joan nintzen tailerkideengana, ordua heldua baitzen ... baina inork ez zidan nire jakin-mina asetu. Norbaitek esan zidan aspaldi bertan txokolatea egiten zutela bertan. Ah, bai? eta? baina horrek nire jakin-mina piztu beharrean, gosetu egin ninduen oraindik gehiago.

 

 

Tailerra hasteko ordua heldu eta  bildu ginen  istorioekin eta elkarrekin jolasten jarraitzeko: norberaren oroimenak piztu eta gezurrez atontzen, handitzen, janzten eta borobiltzera jolastu ginen, barren artean, begietara begiratzen, bikoteka, hurbiletik, burua topera, istorioez bete betea. puf! entzuten zen behin baino gehiagotan, "... ez dut ezer gogatzen..." Baina bai, azkenean, oroimenetatik (batzuk gureak, beste batzuk beste batenak baina "neuretuta"), hitz jarioa berez sortu zen, eta abiatu.

Amaitzeko bestelako istorioak asmatu genituen taldeka ere, oraingoan betiko ipuin herrikoien estruktura oinarri hartuta: protagonista, arazoa, laguntzailea, etsaia, borroka... eta ipuinak, beraiengandik sortzen, ateratzen hasi ziren.

 

Aizarnako kultur etxea istorioez gainezka utzi genuen, sortu berriak eta zabaldutakoak batzuk, beste batzuk oraindik entzuteko daudenak, ez baigenuen astirik izan denonak entzuteko, pena.

Eta etxerako bidean nihoala, hausnarketa hau bururatu zitzaidan: zenbateraino gauden istorioez inguratuta, istorioez eta ipuinez beteta, zenbateraino behar dugun barrukoa atera fikzioa errealitate bihurtzeko.

Datorren asteartean tailerraren azken saioa izango dugu, dibertigarria izango da seguru, gonbidatu txiki asko izango baitugu ipuinak entzuteko prest. Ospatuko duten urtebetetzeko txutxeekin batera istorioez bete-beteta geratuko dira!

 

3. eguna

Ba bai, penaz baino atzo, ekainak 2, tailerraren azken eguna izan zen.

Eta ipuinak kontatzen horretan aritzen ikasten dela dakidanez, auzoaldeko txikien laguntzaz antolatu genuen ipuin-saio-klase-praktikoa.

Hasierako urduritasunari aurre eginda, den denak pozik eta gustura ibili ziren: txikiak horrenbeste nagusi beraiekin hitzak, begiradak, keinuak eta istorioak elkarbanatzeko prest izanda, eta nagusiak pertsonatxo horien begietan eta aurpegi goxoetatik aurrera kontatzen jarraitzeko indarra edaten.

Neretzat oso polita eta hunkigarria ere izaten da ipuinak zabaltzen saiatzen diren nagusiak ikustea, ezaguna baino aldi berean ezezaguna den ekintza aberasgarri horretan murgiltzea, jolasteko asmoz, gero eta ziurrago, gero eta gusturago.

Argazkiak begiratu eta ez duzue bestelako hitzik behar izango zein giro polita sortu zen ikusteko.


Partaideak irribarretsu geratu ziren, gehiagotan kontatzeko gogoz. Tailerraren balorazioenean beren espektatibak gainditu egin zirela esan zidaten, oso dibertigarri eta positibotzat jo zituztela elkarrekin emandako 6 orduak eta beren kontatzeko barneko gogoa piztu egin zitzaizkiola ere. Niretzat horiek dira hitzik gustukoenak.


Amaitzeko aipatu saioaren momentu batean txiki batek, partaideen batek kontatutako ipuina entzun eta gero, bere amarengana joan eta, beraiek daukaten azkartasunez, zorroztasunez, esan ziona: "... ama, Anerekin joan naiz urruti urrutira... hartza bat ikustera...".

Ipuinez bidaiatzeko eta ikusteko magia, barrutzarantzakoa bidaia, barruko irudiekin, benetakoak direnak gureak direlako.

 

5 de junio de 2015 a las 14:06 Bego

volver

  • Siguenos en

Google+