Xenpelar Dokumentazio jardunaldietako mintzaldia

Pasa den azaroaren 25ean Donostiako Xenpelar Dokumentazio Jardunaldietan bideratu nuen ipuin klasikoei bururzko mintzaldia, zeuekin elkarbanatu nahi dudana.

Hona hemen ere honi bururzko artikulua.

Idatzitik ahozkora: Euskerara Itzulitako ipuin klasikoen kontaketarako baliabideak

     

    Egun on guztioi. Lehengo eta behin, eskerrak eman 2015eko Xenpelar Dokumentazio jardunaldi hauek antolatu dituzuenoi (Mintzola Fundazioa, Tolosako Udal Liburutegia eta Koldo Mitxelena Liburutegiari) eta baita horretan lagundu duzuen elkarteei; eskerrik asko jardunaldi hauek antolatzeagatik eta bertan parte hartzera gonbidatzeagatik.

    Eskerrik asko ere bertaratu zareten guztioi, belarriak, begiak eta burua erne.

    Xenpelar Dokumentazio Zentroko Nere Erkiagak deitu eta gai hau planteatu zidanean, oso interesgarria iruditu zitzaidan horretaz pentsatzen jardutea: ipuin baten testua aurkitzean (edo berak nirekin topo egitean) zertan fijatzen nintzen, ipuin-kontalaria naizen aldetik, kontagarria zen edo ez erabakitzeko, zeintzuk ziren niretzat kontatzeko moduko testua edo istorioa osatzen zuten elementuak? Eta honekin lotuta, nola moldatzen nuen nik testu bat gero kontatzeko?

     

    Hausnarketa honetarako esparrua mugatua zen, ipuin-klasiko edo unibertsalen euskal argitalpenetan arituko beharko nintzelako.

    Lan material hau lortzeko, hasieran Bizkaiko zenbait liburutegitara joan nintzen euskeraz argitaratutako ipuin klasikoen bila eta, oro har, ez nuen ale askorik aurkitu, nahiko gutxi zeuden. Horregatik eskertzekoa da ere izan dudan bi liburuzainen laguntza handia:Tolosako liburuzaina den Susana Larreren aldetik eta baita Getxoko Anabel Regaladoren aldetik. Eta beraiei esker, etxea, eta burua ere, ipuin klasikoez bete-beteta, gainezka izan dut egun hauetan.

    Gaur egun inork ez du dudarik ipuin klasikoen balioaz, gure parte ere den alde ez-arrazionalari-inkoszienteari hitz egiteko eta heltzeko modurik zuzenena direlakoo.

    Baina hainbeste ipuin klasiko izanda, hausnarketa honetarako mugatu behar eta, kostata baina, ipuin bakarra aukeratu behar izan dut: Edurnezurirena.

    Zergatik?

    Batetik, ez dudalako inoiz ipuin hau jendeaurrean kontatu, bestetik, beste batzuen artean aztertzen hasita, nire gustuko mezuak dauzkala aurkitu dudalako, eta, gainera, euskeraz gehienetan argiratatutako ipuina da.

    Konturatu naiz ere, ezagunena den bertsioa laburtutakoa dela eta, horretan ere, jatorrizkoa berreskuratzeko eta kontatzeko gogoa sentitu dut, aberatsagoa delako.

     

    Gaur elkarrekin emango dugun tarte honetan, adieraziko dizuet, ipuin hau oinarri hartuta, nola egiten dudan lan aurkitutako testuekin ahoz kontatzeko moduko bertsioa eratzeko, nire kontatzeko eraren arabera; honek ez du esan nahi beste kontalari batek beste edonola egin dezakeenik, noski. Hauek nire aholkuak dira, Bego Alabazan kontalariarenak.

     

    HASTEKO- LIBURUA IREKI BAINO LEHEN

    Ipuin bat kontatzeko hiru modu nagusi ikusten ditut liburuarekiko:

    - testua ahozgora irakurtzean, testuan edo irudietan agertzen diren aparteko detaileak ere kontatuz, irudidun-albumak.

    - testuari erreparatu gabe kontatzea, irudiak jarraituz eta hauetan oinarrituz

    - testua edota irudiak begiratu gabe kontatzea, entzuleek beren barne-irudiak sortzeko beta emanaz.

     

    Lehen bi aukeraretako irudidun-albumenetan testu eta irudiak oso fin josita egon behar dira: biak, testua eta irudiak, irakurlearen alde egon behar dira, hau da, irakurketa ez bakarrik, kontaketa ere errezten dituzten elementuak izan beharko lituzkete, baina, tamalez, testuetan ez dira askotan agertzen.

    Edurnezuriren ipuinaren horrelako libururik ez dut aurkitu baina bai Hiru Txerrikumeen ipuina kontatzen duena (OQO argitaletxea, Hiru Txerrikumeak Arkaitz Goikoetxeak euskeratutakoa),kontaketa errezteko hainbat elemendu daukalako:

    -irakurtzean aurrera errez egiten duen testua,

    -hitzetan musika duena,

    -hizkien tamainaz jolasten duena hitzak azpimarratzeko edo pertsonaien ahotsak desberdintzeko,

    -tonua nolakoa izan daitekeen pistak ematen,

    -detailedun irudi aberatsak dauzkana,

    -onomatopeiak sartzen,

    -elkarrizketa umoretsuak…

    Geroago komentatuko dizkizuedan elemendu asko dauzkana da.

     

    Baina kontalaria naizela, argi daukat ipuin bat kontatzea ez dela ipuin bat irakurtzea. Ahoz gora irakurtzea oso egokia eta aberasgarria izan daiteke liburuekiko gustua eta zaletasuna sustatzeko, baina ipuinak kontatzea hori baino askoz gehiago izan daiteke.

    Gero kontatu nahi dizuedan Edurnezuriren ipuina ahoz kontatzeko moldatzen hasi naizenean hasieran zalantza hau izan dut: irudidun-liburu baten laguntzaz, bai ala ez?

    Azkenean libururik gabe egitea erabaki dut ahozkotasunaren errekurtso gehiago erabiltzeko askatasuna sentitzen dudalako, batetik eskuak askeago daudelako eta bestetik irudiek ez nautelako hainbeste lotzen.

     

    Zeintzuk lirateke, bada, ipuin klasiko baten euskal testua ahoz kontatzeko moduan prestatzeko emango nituzkeen pausuak?

     

    LEHENENGOZ- BERTSIO DESBERDINAK

    Bilatuko nuke horren gaineko ahalik eta bertsio gehien liburuetan batez ere, baina baita internetez ere, zergatik ez.

    Eta noski, unibertsalak diren Ipuin hauek hamaika bertsio eta modu desberdinez heltzen zaizkigu (testua baino ez dutenak, irudidun liburuak, handiak, txikiak, Cddunak, hizkuntz desberdinetan ,……) , honegatik bilatu behar dugu ez bakarrik barnea mugitzen digun bertsioa, baita kontatzeko gogoa ere pizten digun era, irakurtzetik at.

    Argi izan behar dugu testua proposamen bat besterik ez dela eta, honegatik, ez bagara eroso sentitzen testu honekin, norberaren hitzetan kontatzeko baimena eman behar diogula gure buruari:  bakoitzaren modura kontatzean dagoelako ipuina gustuko egiteko biderik egokiena.

     

    Gustatzen zait bilatzea eta aurkitzea bertsiorik aspaldikoenak, osoenak, bertan denboraz desagertu diren detaileak egon daitezkeelako.

    Errespetuz hurbiltzen naiz ipuinetara baina moldatzeko beldurrik gabe, ikusteko zeintzuk elementu diren oinarrizkoak eta zeintzuk izan daitezkeen geroago jarritakoak, aparteko asmo batez, akaso. Nire buruari aldatzeko baimena ematen diot, istorioa nirea ere bihurtzeko baina bere funtsezko esentzia aldatu gabe. Batzuetan txikiei kontatu nahi zaieneko aitzakiaz, ipuin hauek laburtu egiten dira hauen barne estruktura apurtzeko arriskuarekin; gertatzen da ere, beldurra edo indarkeriez hitz egiten duten pasarteak kendu egiten direla eta horrela ipuinaren berezko sentsua agian galdu egiten da.

    Nire ustez, ipuin klasikoak adin guztietarako kontatu behar dira.

     

    Edurnezuriren euskarazko 23 bertsio izan ditut eskuen artean.

    BIBLIOGRAFIA

    -GERO-KIMU saila Grimm Anaien Ipuinak, 1990- Itzultzailea Juan Mari Sarasola

    -PAMIELA Grimm anaien ipuinak 1999- Genaro Gomezen itzulpena

    -TTARTTALO Grimmm ipuinak 2008, itzulpena Aztiri, itzulpen zerbitzuak

    -ORIA & KRISELU Edurnezuri eta zazpi ipotxak 1998

    -IBAIZABAL Edurnezuri 2011, itzulpena Jose Antonio Sarasola irudiak Benjamin Lacombe

    -IKAS Elur-Xuri euskarazko itzulpena: Luixa Giltzu irudiak: Myalen Goust

    -PERALT MONTAGUT Edurnezuri eta Zazpi Ipotxak 2009

    SUSAETA Andersen, Grimm eta Perraulten ipuinak Iñaki Mendigurenek itzulita

    SUSAETA Edurne Zuri /Snow White Antton Irustaren itzulpena

    SUSAETA Ipuin Unibertsalak Itzulpena Iñaki Mendiguren

    SUSAETA Kontatuko didazu ipuin bat?- Edurnezuri Iñaki Mendigurenek euskaratua

    SUSAETA 12 Ipuin Klasiko

    SUSAETA Edurnezuri

    SUSAETA Neskatoentzako ipuinak Itzultzailea Antton Irusta

    TTARTTALO Edurnezuri Klasiko Disdiratsuak 2002 euskarazko bertsioa, Bakun itzulpen zerbitzua

    TTARTTALO Edurnezuri -Ipuin klasikoak 2010 itzulpena Joxantonio Ormazabal

    TTARTTALO Kontaidazu Ipuin bat 1999

    TTARTTALO Klasiko urdinak Edurnezuri1999 itzultzaile Miren Arratibel

    TTARTTALO Super Klasikoak Edurnezuri 2001 itzultzaile Miren Arratibel

    -AIZKORRI Ekilore bilduma Edurne zuri 2007 Itzulpena Aintzane Atela Gurrutxaga

    AIZKORRI Betiko Ipuinak I 2001 itzulpena Mari Joxe Kerejeta

    IZAR Edurne Zuri eta 7 ipotxak Xabier Kintanak itzulita

    XIRULA MIRULA Bazen behin… CD Imanol Urbietaren musika eta moldaketa

     

    BIGARRENEZ → MEZUA

    Argi izan behar da zein den istorioaren atzean dagoen esanahia: zein den istorioaren mezu nagusia eta norberari zer esaten dion. Kontalariak argi izan behar du ipuinaren mezu hori edo horiek transmititu nahi duen, nahiz eta agerian ez azaldu, hori kontatzeko tonuan igertuko egiten delako, islatzen delako: narratzailea ez da inoiz neutrala izaten eta bere iritzia agertzen da kontatzen duen istorioan.

    Honetarako oso oso gomendagarriak dira goiko bi liburu hauek,besteak beste, ipuin klasikoak beste modu batera ulertzen laguntzen dutelako.

    CRITICA Bettelheim, Bruno Psicoanalisis de lso cuentos de hadas , 1975

    Temas de DEBATE Cashdan, Sheldon La Bruja debe morir, 2000

     

    Zein da ba, Edurnezuriren istoriotik hartzen dudan mezua? Zertaz hitz egiten digu?

    -Batetik, neurririk gabeko harrokeria eta handikeriaz hitz egiten digu, segurtasuna edertasunean baino ez bilatzearen arriskuaz eta ederrena izateko lehian sartzeak norberaren galera ekartzen dueneko mezuaz.

    -Hitz egiten digu ere pertsona baten, kasu honetan Edurnezuriren, hazkuntza prozesuaren aro desberdinez: haurtzaro seguruaz (Edurnezuri 7 urte bete arte, gazteluan dagoenean), pubertaro-aurreko garaia (ipotxen etxean egonda, segurtasunean, lan egitearen garrantzia bereganatzen duenean), pubertaroaren arriskuak eta gainditu beharreko frogak, azkenez, heldutasunean, bikotekide batekin maitasuna elkarbanatzeko prest sentitzen denean.

    -Baina, denaren gainetik, mezu lasaigarria ematen digu, maitagarrien ipuin guztiek bezala: nahiz eta protagonista (entzuten duen umea) ahula izan, nahiz eta beste pertsonaia indartsuago eta maltzur baten menpe egon, beti laguntza izango duela eta beti, beti kapaz izango dela aurrera egiteko eta beti beti beti, onean amaituko dela.

     

    AHOZKOTASUNAREN KAKOAK-KLABEAK IPUINETAN

    Tamalez, gure bila datozen idatzizko ipuin gehienak ez daude kontatzeko moduan, irakurtzeko baizik. Bakarrik ipuin herrikoi eta klasikoek ahozko jatorria izanda, ahoz aho iraun dutenez, badaukate ahozko izaera berezkoa eta ez literarioa.

    Hala ere, ipuin klasiko gehienak (denak ez esatearren) idatzitako testuez heltzen zaizkigunez, beren jatorrizko ahozko ezaugarri asko galduta heltzen dira, eta idatzizko erregistro hau batzuetan ez dute beren alde.

    Kontatzeko ipuin bat bilatzen dugunean, instintiboki, esanda izateko egokienak aukeratzen ditugu, entzuteko gustukoa dena, musika daukana, ipuinak kontatutako abestiak bezalakoak direlako.

    Eskuen artean izan ditudan liburuetan mutur bateko testuak eta bestekoak irakurri ditut: batzuetan ume txikientzakoak direlakoan-edo hizkuntz errazegia erabili izan dute, pobrea, ipuina bera ere larregi laburtuta, bere zentzua txirotu egin zaielarik.

     

    Bestalde, badaude ere jatorrizko bertsioak jasotzen eta euskaratzen dituztenak ere:

    GERO-KIMU saila Grimm Anaien Ipuinak, 1990- Itzultzailea Juan Mari Sarasola

    PAMIELA Grimm anaien ipuinak 1999- Genaro Gomezen itzulpena

     

    Hauetan oso lan ona egin da jatorrizko bertsioen euskal-itzulpena osatzeko .Oso egokiak dira dokumentatzeko baina ,testua formalagoa eta literarioagoa izanda, nire ustez, ahozgora irakurtzeko eta are gehiago, kontatzeko, batzuetan zaila egiten dira.

    Esan bezala, testutik urruntzeko baimena eman beharko genioke gure buruari kontatzeko momentuan, ez badugu testua zuzenean ahozgora irakurri nahi.

    Badaude ere iparraldeko hizkeraz idatzitakoak ere, guretzat zailak direnak. -IKAS Elur-Xuri euskarazko itzulpena: Luixa Giltzu irudiak: Myalen Goust

    Argitalpenen egokienak hauek izan dira, nire ustez,eta bakoitzetik zertxobait hartu dut, nire hitzetan jarri eta ahozkotasunaren beste elementuekin batera, neure bertsioa osatzeko, zati teoriko hau bukatu eta gero, kontatuko dizuedana:

     

    GERO-KIMU saila Grimm Anaien Ipuinak, 1990- Itzultzailea Juan Mari Sarasola

    PAMIELA Grimm anaien ipuinak 1999- Genaro Gomezen itzulpena

    IBAIZABAL Edurnezuri 2011, itzulpena Jose Antonio Sarasola irudiak Benjamin Lacombe

    TTARTTALO Grimmm ipuinak 2008, itzulpena Aztiri, itzulpen zerbitzuak

    SUSAETA Neskatoentzako ipuinak Itzultzailea Antton irusta – errez irakurtzekoa

    ORIA & KRISELU Edurnezuri eta zazpi ipotxak 1998 – errez irakurtzekoa

    PERALT MONTAGUT Edurnezuri eta Zazpi Ipotxak 2009

    TTARTTALO Kontaidazu Ipuin bat 1999

     

    Kontatu nahi dizuedan bertsioa, noski, nire gustuen araberakoa izango da, istorio bat kontatzean gure buruaz ere kontatzen dugulako; norberak ikusi behar du nondik egin nahi dizkion kili-kiliak ipuinaren testuari, bereganatzeko, berea egiteko eta kontatzeko moduan sentitzeko.

    Hala ere, nahiz eta hain lan pertsonala izan, badaude orokorrean ipuinen aho-transmisioa urtetan eta mendeetan ere erraztu duten formula arrakastatsuak, idatzitakoa ahoz kontatzeko oso lagungarriak direnak:

     

    MUSIKALTASUNA

    Oinarrizko da ahoz kontatzekoan, ipuin klasikoak entzuteko eginak daudelako, abestiak bezala.

    Honegatik idatzitik ahozkora testu bat pasatzean ia konturatu gabe, bilatzen ditugu erritmoa eta musikaltasuna duten testuak, hain gustukoa direnak entzuteko baina idatzizko testuetan normalean agertzen ez direnak, kontrara, irakurketari pisua ematen diolako.

    Musikaltasun hau ager daiteke maila askotan: istorioaren estrukturan, pertsonaien edota tokien izenetan, esaera eginetan, hitz-formuletan, txispadun elkarrizketetan, hitz-errepikapenetan, onomatopeietan .. eta hauek izango dira buruan geratuko zaizkigunak.

    Txikienentzako ipuinetan ohikoagoak izaten dira honelako elemenduak baina adin guztietan izaten dira gustukoak.

    1. ESTRUKTURARI DAGOKIONEZ

    Ipuin klasikoen estruktura(hasiera, korapiloa eta amaiera) oso lagungarria izaten da istorioa buruam gorde eta horren gainean, gure hitzetan, kontatu ahal izateko.

    HASIERA

    Musikari dagokionez, hasieran iada, ipuinen mundura eramaten gaituen formula magikoa agertzen da eta gero, aurkezten dira tokia, garaia eta protagonista.

    Gero arazoa, trabak edota faltak planteatzen dira eta hemen hasiko da istorioa bera.

    Apartekoa da Edurnezuriren istorioaren hasieran agertzen den erreginaren burutazioen momentua, bertan azaltzen zaigulako protagonistaren izenaren jatorria.

    Momentu hau oso berezia da ipuin-klasikoetan, barneko burutazioa agertzen delako, poetikoa, eta agian ni ere ama naizelako eta sentimendu hori gogoratzen dudalako, baina adierazi beharrekoa dela uste izan dut, eta, ez hori bakarrik, azpimarratu nahi izan dut abesti batez. Beraz, nahiz eta bertsio askotan baztertuta egon, nik mantend nahi izan dut.

     

    KORAPILOA

    Korapiloan, arazo edo falta hauen konponketarako, trabak eta abenturak bizi beharko ditu protagonistak, etsaien kontrako borrokak, laguntzaile magikoen laguntza, objetu magikoak ... hau izango da istorioaren alde nagusiena.

    Gustatzen zait korapiloaren zati hau aberatsa izatea, arazoa errez konpontzen ez denekoa, frogak daudenean (normalean 3), borroka, momentu magikoak…

    Literaturan, hainbat ipuin dago estetikoki ederrak eta hitzekin jolasten direnak baina beren anekdota txikia izaten da.

    Bestalde, ahozko edozein narrazioak ekintzetan du oinarri, gertatzen denean: ipuin bat jarraian doazen ekintzen katea da.

    Ipuin bat ahoz konta daitekeela nabaritzen dugu bere laburpen interesgarria egin ahal dugunean. Istorio bat gelditzen bada denboran deskripzio asko duelako, edo elkarrizketetan oinarritzen delako edota pertsonaien burutazioetan luzatzen bada, oso zaila izaten da kontatzeko.

    Edurnezuriren ipuinaren euskal bertsioetan ipuin klasikoen berezko izaera hau aurkitu dut: ekintzak izan direlako nagusi.

    Eta, noski, horrenbeste gauza gertatzen direnez, ahoz kontatzean, estrukturaren errepikapenak egotea oso lagungarria izaten da entzulearentat, istorioa jarraitzeko eta, are gehiago, aurreratzeko aukera ematen diolako eta buruan ere hobeto gordetzen duelako.

    Errepikapen elementu erritmiko hauek zenbakiekin lotura estua dute: gehienbat agertzen direnak 3 eta 7 dira. … Edurnezuriren kasuan, hiru frogak, hiru odol tanta,

    7a agertzen da ipotxen kopuruan, 7 mendi igarota bizi direla, 7 urte jauregitik ihes baino lehen betetzen dituenak,…

    Edurnezurien ipuinean, korapiloan, ikusi dut jatorrian zeuden hiru frogak bakarrean geratzen direla bertsio gehienetan: amaordea, mozorrotuta, hiru aldiz joaten da Edurnezurirengana hiltzeko asmoz, lehenengoan zinta-xingola eskaintzen dio, bigarrenean orrazia eta hirugarrenean, sagarra. Hasierako bi frogak galdu egin dira bidean eta nire ustez oso garrantzitsuak dira adierazten dutelako Edurnezurirengan ederragoa izateko desio hori (bere amaordea zoratzen duena) esistitzen dela ere.

     

    AMAIERA

    Eta azkenean, beti, arazo horiek konpontzen dira. Honen ondorioz, protagonistak aldatzen dira, ez dira amaieran hasierako berberak izango, ipuin guztiek kontatzen dutelako funtsean transformazio baten prozesua.

    - KLIMAX-a

    Istorioan dena bideratzen da tentsiorik altuena duen klimax momentua lortzeko. Kontatzeko istorio on gehienek punturik gorenena azken aldean izaten dute eta bere pisua eman behar zaio.

    Edurnezuriren istorioan klimaxa protagonista esnatu eta printzea ikusten duenean gertatzen da; beraz horri indar berezia eman behar zaio, maitasunaren sentimenduari batzutan ematen zaion “aire ñoñoa” baztertuz.

    Niri, momentu honetan, gustatu izan zait bihotzen taupadekin jolastea, maitemintzean bihotza arrapaladan hasten zaigulako.

    - Oso garrantzitsua da istorioak amaiera borobila izatea, istorioaren bukaera dela argi uzten duena, istorioak kontatzen duenagatik, kontatzeko tonuagatik eta baita hitzen abiadurak bestelako pisua hartzen duelako.

    Amaiera honetan beti, protagonista onean eta pozik sentitzeko, ipuinaren maltzurra, Edurnezuriren kasuan zalantzarik gabe amaordea dena, ez bakarrik hil egin behar da , desagertu, guztiz desagertu , eta askotan oso modu bortitz batean, zergatik? Merezi izan duelako.

    Honek ere, umeari mezu lasaigarri bat ematen dio: argi izan behar duelako gaiztoa ez dela berriro bueltatuko eta horrela, protagonista ona,umea bera, zoriontsu bizi ahal izango da.

    ADIBIDEAk

       -SUSAETA Neskatoentzako ipuinak Itzultzailea Antton irusta “… Hura ezustea printzearen emaztegaia Edurnezuri zela ikusi zuenean! Gorrotoak eta bekaitzak jota, erregina gaiztoa korrika bizian atera zen jauregitik. Eta oso urrunera joan omen zen, zeren eta geroztik, inork ez du amaorde gaiztoa inoiz ikusi.” honek zalantza sortu ahal digu: eta urteak pasata, bueltatzen bada?

     

       -TTARTTALO Kontaidazu Ipuin bat 1999 ”Ordurako, denek zekiten amaorde gaiztoak zer egin zion Edurne Zuriri, eta erregeak sorgin hura ziega ilun batean sartzeko agindu zuen, eta hantxe utzi zuten betirako”.

     

    Jatorrizko bertsioetan amaorde-sorgina hiltzeko modua bortitzegia dela pentsatzean, beste hiltzeko moduak aldatu dira:

    -TTARTTALO Grimmm ipuinak 2008, itzulpena Aztiri, itzulpen zerbitzuak”Hori entzutean, emakume gaiztoak madarikazioa izugarriak bota zituen eta beldurrak jota hil zen”

    -IKAS Elur-Xuri euskarazko itzulpena: Luixa Giltzu irudiak: Myalen Goust: “Ezteiak ospatzen ziren jauregian (amaordea) sartu zelarik, segidan ezagutu zuen Elur-Xuri eta lazturak han berean seko hilik utzi zuen”.

    - PERALT MONTAGUT Edurnezuri eta Zazpi Ipotxak 2009 “Sekulako ezustea hartu zuen printzesa hura Edurnezuri zela ikusita. “Edurnezuri!!!” esan eta amorrazioz beteta lurrera hilda erori zen...”

    -ORIA & KRISELU Edurnezuri eta zazpi epotxak 1998 “Gaztelura heldu zenean segituan ezagutu zuen Edurnezuri. Amaorde maltzurrak bere gaiztakeria guztiak pairatu behar izan zituen, eta Edurnezuri zoriontsu izan zen betiko bere printze maitatuaren ondoan”.

     

    - Eta dena behar bezala, hau da ondo onarentzat eta txarto txarrarentzat, amaitu dela adierazteko, oso oso garrantzitsua da ipuinen mundutik ekartzen gaituen formula magikoa ere zaintzea, istorioa ixten duena.

    Honetan oso lan polita egin zuten IKASTOLEN ELKARTEKOek 4 urteko txikientzako ikas-materiala sortu zutenean: amaierak beti errimadunak baina euskal formulen zaporea zutena. Pena Edurnezuriren bertsiorik ez zutela idatzi.

    Eskuen artean eduki ditudan liburuetan ez dut ikusi amaierari pisu berezirik eman diotenik, testu idazkera aldatuz, tamaina, errima bilatuz, hitz-formulak sartuz...

     

    2- HITZ-FORMULAK

    Hasiera eta bukaerako hitzformuletatik aparte, Ipuin klasiko asko eta askotan egoten da behin eta berriro errepikatzen den hitz-formularen bat. Edurnezuriren ipuinean hau da amaorde eta ispilu magikoaren arteko elkarrizketa, oso momentu berezia dena, magiaz betetakoa.

    Formula hauek musika izatea oso funtzeskoa da, irakurtzeko erreza izateaz gain, ahoz kontatzea erreztu egiten dutelako, gogoratzeko oinarri sendoa ematen dute.

    Baina testuetan ez dut aurkitu honelako errima erreza duen elkarrizketarik. Zaila egin zait erregina eta ispiluaren arteko elkarrizketa arina aurkitzea:

     

    (. GERO-KIMU saila Grimm Anaien Ipuinak, 1990- Itzultzailea Juan Mari Sarasola

    -“Ispilutxo, horman zintzilik zauden ispilutxo, nor da lurralde guztiko emakumerik politena?

    Erregina anderea, zeu zara lurralde guztiko emakumerik politena”

    Erregina anderea, zeu zara politena hemen, baina Edurne zuri mila aldiz politagoa da”.

    . TTARTTALO Kontaidazu Ipuin bat 1999

    Ispilutxo, ispilutxo, esaidazu orrazten naizen bitartean: nor da munduko ederrena?

    Zeu, ere erregina, zeu zara ederrena, izan baten parekoa baita zure distira”)

     

    Hau izan da musika gehien duena eta oinarri hartu dudana, pixka aldatuta:

    . PAMIELA Grimm anaien ipuinak 1999- Genaro Gomezen itzulpena

    -Ispilutxo laztana, hormako ispilutxo laztana,

    zein da erresuma osoko emakumerik ederrena?

    Ispiluak:

    -Erregina anderea, zeu zara erresumako ederrena.

    -Erregina anderea, zeu zara ederrena hemen,

    baina Edurnezuri ederragoa da zu baino mila bider.”

    -Erregina anderea, zeu zara ederrena hemen,

    baina Edurnezuri, mendiz bestaldekoa,

    zazpi ipotxenekoa,

    zu baino ederragoa da mila bider.”

     

    3.-ONOMATOPEIAK:

    Nahiz eta soinu errekurtso hauek txikitxoenen ipuinetan oso erabiliak izan, nagusiagoen kontaketetan ere izan daitezke oso atseginak, neurriz erabilita.

    Oso eskertzekoak dira testu baten irakurketan honelakoak agertzea irakurleari/kontalariari jolasteko aukera ematen diotelako.

    Edurnezuriren testuetan ez dut horrelakorik aurkitu; erabaki ahal da zeintsu puntuetan ager daitezkeen edo, kontatu ahala, etorri daitezela itxaron eta balio dutela sentitzen badugu, gorde eta hurrengoetan erabili ere.

    ADIBIDEAK

    Bihotz taupadak printzeak Edurnezuri aurkitzean

     

    4. ELKARRIZKETAK

    Elkarrizketek indarra eta kolorea ere eman ahal diote edozein testuri eta kontaketari erritmo aldaketa eman ahal diote, oso eskertzekoa dena ahoz kontatzean.

    Oso errekurtso ona dira informazioa errez eta gustura transmititzeko, azalpen gehiegirik eman gabe.

    Badira ere aukera paregabea ipuinaren umorea islatzeko edo irakurle/kontalariaren espresiobideak garatu eta adierazteko.

    Erabat desberdina dira zeharkako estiloa eta zuzena.

    SUSAETA Ipuin Unibertsalak Itzulpena Iñaki Mendiguren

    ...”Honek beti galdetzen zion ispilu magikoari zein zen erresumako emakumerik ederrena. Egun batean ispiluak erantzun zion Edurnezuri zela ederrena...”

     

    Konparatu aurretik ikusitako elkarrizketarekin aldea nabaritzeko.

    Gainera, pertsonaien arteko elkarrizketetan argi eta garbi azaltzen dira hitz egiten ari denari buruzko gure, irakurlearen edo kontalariaren iritzia.

     

    5- ABESTIAK

    Niretzat oso egokia izaten da ere abestitxoren bat edo beste sartu ahal izatea eta hau ez dut , zoritxarrez, testuetan askotan aurkitzen. Gustatzen zait abestitxoak asmatzea ipuinean beste erritmo aldaketa emateko eta tonuaren monotoniaren kontra egiteko.

    Hau ez da normalean testuetan agertzen, ezta Cddunetan ere.

    Abestien puntu hau ere IKASTOLA ELKARTEKOen bilduman oso polito landu zuten, ipuinaren bukaeran istorioari buruzko abestia zetorrelako (partitura eta guzti) eta baita horrekin zerikusia izan zezaketen beste abesti batzuk ere.

     

    Edurnezuriren ipuinean bi momentutan erabaki dut abesti bat jartzea:

    - hasieran, ama-erregina josten ari den bitartean, pentsakor, oso momentu polita iruditu zaidalako, musikaz azpimarra daitekeena.

    - ipotxak lanetik etxera bueltatzen direneko momentuetan ere; hemen zaila egin zait Walt Disneyren abesti ezagunetik aldentzea. Lortu dudan materialaren artean bakarrik eskuratu ahal izan dut abesti bat “Bazen behin...” CDan baina neuk abestean, ez zitzaidan erraztasunez ateratzen, beraz moldatu dut buruan neukan beste bat, seguru ezaguna egingo zaizuena.

    Momentu hau alaia iruditu zait, musikaz jolas daitekeena umeekin edo nagusiekin ere.

     

    Mahai-inguruan: Aines Dufau , Manu Lopez Gaseni, Bego Alabazan eta Patxi Zubizarreta.

    UMOREA

    Amaitzeko tarte teoriko hau, ez dut aipatu gabe utzi nahi niretzat ezinbestekoa den beste elemendu bat: Umorea.

    Niretzat oso gustukoa izaten da istorioaren momenturen batean edo bestean umorea agertzea, horrela edozer konta daitekeelako eta entzulearekiko konplizidadea errezten didalako.

    Kontuz ibili behar da, baina, eszenan lortu nahi duzun girorako egokia ez bada, ez erabiltzeko.

    Orokorrean Edurnezuriren istorioaren tonua nahiko iluna izaten da baian ez ipotxak agertzen direneko momentuetan, gizontxo hauek ume itxura daukatelako-akaso. Honegatik umorea beraiek agertzen direnetan sartzen saiatu naiz.

     

     

    Teoriaren gaineko hausnarketa hauek eta gero, aipatutako puntuak praktikan jartzeko Edurnezuriren ipuinaren neure bertsioa kontatu nahi dizuet.

    Espero dut niri bezainbeste gustatzea.

    3 de diciembre de 2015 a las 19:12 Bego

    volver

    • Siguenos en

    Google+