Elgetako "Magaleko Ipuinak" tailerraz eta Ipuinen Orduaz.

Pasa den astean Elgetako liburutegian amaitu nuen "Magaleko Ipuinak" tailerra: hiru astez izan nintzen bertako 8 lagunekin denon artean hurbiltasunean txikienei ipuinak kontatzeari buruzko hausnarketa egiten, ondorioak ateratzen eta ipuinen kontalaritzan trebatzen.

"Magaleko Ipuinak" tailer hau praktikan oinarritzen da eta bideratuta dago norberak ipuinak kontatzeari buruz bere ondorioak atera ditzan.

Azken eta hirugarren saioan, bereziki, kontu-kontari ematen dute tarte gehiena, eta benetan polita izaten da niretzat parte-hartzaileak lehen pausu horiek ematen ikusi eta entzutea.

Belarriak erne entzun genuen Aizpeak kontatutako "Olatu bat daukat sabelean" Miren Amurizaren azken liburu ederra bertako irudiez lagunduta, Maialenek euskarririk gabe kontatu zigun betidaniko "Txomin Ipurdi" ipuin herrikoia bere erara, Eneidaren esku "Marikanela"ren sudurra luzatzen ikusi genuen behin eta berriro, Estiren "Bubu eta jirafa" liburutxoaren laguntzaz jausi ginen altu altutik, Mariarekin, ostera, puzkerrak eta puzkerrak botatzen ibili ginen "Puf!..." ipuina kontatu zigulako baina liburua erabili gabe , Geaxik bere manta magikoa ekarri zigun kontatzeko berak asmatutako ipuina: nola lortu zuen Sipristinek manta hain berezi hau, Larraitzek, bere aldetik, "Arrasateko dragoiaren kondaira" elkarbanatu zuen eta Kepak "Munduko familiarik onena" liburuaz maitasunez beteriko bere istorioa ekarri zigun.

Batzuk liburuen laguntza izan zuten, beste batzuk ez, objeturen bat ere eraman zuten, abestiren bat sartzen ere esperimentatu zuten, jesarrita, zutik, belauniko ,... eta horrela, kontatutakoa errepikatzen, txikien erreakzioak ikusten eta keinu, modu eta gauza desberdinak erabiltzen saiatzen, horrela denbora amen-jesus batean joan zitzaigun.

Hona hemen azken saio honetako zenbait argazki, sortu genuen aparteko giroa ikusteko.

 

Kontatzen ibili zirenak barruko sua piztuta (ze beroa!) amaitu zuten eta txikienak belarriak ere bero bero, horrenbeste ipuinez bete-beteta.

Zere esanik ez, tailerraren ebaluazioan denon sentsazioa bera izan zela: asti luzeagoa beharko genukeela horretan jarraitzeko. Ondo dago gehiagoren gosez geratzea (betekada hartuta geratzea baino).

Argi dago tailertxo hau ipuinak kontatzen aritzeko hasierako pausu bat besterik ez dela, gero norberak jarraitu beharko diolako bere bideari kontatzen eta kontatzen, eta kontatutakoari buruz ohartzen bere ondorioak ateratzeko.

Tailer hau eskatu zidaten iadanik Elgetako liburutegian bideratzen duten "Ipuinen ordua" izeneko ekimen oso interesgarrian parte hartzen dutenak kontalaritzan laguntzeko. 2014tik hona liburutegi honetako liburuzaina den Geaxi Ezpeletak bideratzen du ekintza hau herrikoen parte-hartzearekin: txandaka, hilabetean behin-edo, herriko lagun batek ipuinak kontatzen dizkio liburutegira bertaratzen diren txikienei.

 

Azken urte hauetan gero eta gehiagotan ikusi dut honelako jarduera herri desberdinetako liburutegietan, helburu desberdinak lortzeko oso bide aproposa delarik:

batetik, herrikoen parte-hartze zuzenarekin beraiek horren parte sentitzen dira eta berea den zerbait bezala hartzen eta zaintzen dute, bestetik txikiak (eta nagusiak ere) liburutegira joateko ohitura hartzen dute bertan tarte gozoa pasatzeko, hirugarrenez, kontatzen dutenek bizi egiten dute ipuinak kontatzeak ematen duen bizitasuna eta barne-indarra, zerbait gozo eta ona egiten duteneko barne sentsazioa, oso aberasgarria, "harrapatzen " zaituena, gero eta hobeto egin nahi duzuna, eta azken helburua, zergatik ez, jarduera honek ez du aurrekontu handirik eskatzen, boluntarioek bideratzen dutelako.

 

Hortik aparte dago, hori bai, ipuin-kontalari profesionalen saioak. Nire ustez, batak ez du bestea kentzen, liburutegietako jarduera hauek oso txalogarriak dira argi geratzen bada kontalari-zaleak direla parte hartzen dutenak eta ez ipuin-kontalaritzan beren lanbidea egin dutenak hau da, profesionalak.

Ni neu apirilaren 29an joatera gonbidatu naute liburutegi honetara baina aparteko saio bezala programatuko dute, "Ipuinaren Ordutik" kanpo, jarduera biek, nahiz eta gaia bera izan, oinarrizko planteamendu desberdinekoak direlako.

Saio honetan ipuin kontalari eman ditudan 20 urte hauetan ikasi dudana, teorian azaldu beharrean, praktikan adierazkiko diet bertaratzen diren guztiei. Euskarririk gabe edota mota desberdinetako objetuen laguntzaz kontatuko, kantatuko, jolastuko eta, azken batean, elkarbanatuko ditut barnean ukitu didaten istorioak.

Ea tailerrean egon direnak ere etorri ahal diren berriro elkar ikusteko eta beren aurrera pausuez kontatzeko.

 

1 de mayo de 2016 a las 08:05 Bego

volver

  • Siguenos en

Google+