Magaleko Ipuinak Zestoako Aizarna auzoan

Atzo, hilak 19, Zestoako Aizarna auzoaldera joan nintzen liburuez betetako maletarekin, ipuinez gainezka. Bihurgunez jositako errepide luzea eta gero, euria gelditu egin zenean, Gipuzkoako auzoalde eder honetara heldu nintzen. Errepideak enparantzaraino eraman ninduen, bertan libre zegoen azken aparkalekuraino (niretzat erreserbatuta egongo ote?).

Jakin gabe, geratu nintzen kultur etxearen ondo ondoan nengoen eta han aurkitu nituen "Magaleko Ipuinak" tailerrean parte hartuko zuten batzuk, dena atontzen.

Tailer hau Zestoako Gazteria sailak bultzatutakoa da eta "Kontaidazu ipuin bat" izeneko egitasmoaren barruan kokatuta dago; honen bidez, herritarrek bertako txikiei ipuinak kontatzera animatzen dira beren auzoetako liburutegi eta kultur-guneetan . Duela bi urte Arroabeko auzoaldean ere bideratu izan nuen oso emaitza onekin eta, hara, oraingoan Aizarna auzoaldera joatera ere gonbidatu naute eta nik, noski, gustura asko joan naiz.

herri honetako kultur etxean 9 lagun izan ginen, gehiengoa ohi bezala emakumeona. Eskerrak Luis bezalakoak geratzen zaizkigula, gizon bakarra izan baitzen.

Giroa atseginean hitz egin genuen ipuinak kontatzearen (edo, besterik gabe, kontatzearen) garrantziaz ."Zertarako kontatu ipuinak gure txikiei?"  galdera-detonanteari,denon artean erantzun genion: ideiak sortu eta elkarrekin josi egin genituen ipuinen hariaz sare zabala osatuz, txikienganako maitasuna estaltzeko eta babestekoa den sare fina baino sendoa.

Gero, argazkietan ikus daitekeenez,  adin-tarte desberdinetarako liburuen gainean ausnartzen ibili ginen taldean, zeintzuk liburu eta istorio diren gustokoago adinaren arabera, kontutan izanda, noski, umearen beraren araberakoa ere izaten dela.

Eta saio trinko eta gustuko hau borobiltzeko, Maitek "Beldar Txiki Jatuna" ipuina kontatu zigun (ikus argazkiak), primeran kontatu ere aurretik ezagutu eta kontatu/jolastu ere egin zuelako. Berarekin freskatu gentuen kontatzean kontutan izan beharreko elementuak.

Eta horrela, konturatu orduko, saio honen 2 orduak amaitu egin genituen, datorren astean berriro biltzeko asmoz. Orduan istorioak liburuetan baino, gure buruaren barruan bilatzen arituko gara, bertan uste baino gehiago bait dago. Bai horixe!

 

 

 

 

 

21 de mayo de 2015 a las 08:05 Bego

volver

  • Siguenos en

Google+